Euskarabildua

2020. EDIZIOA

DATUEN IZURRIA. Zer ari da gertatzen gure pribatutasunarekin pandemia garaian?

Pasa den urriaren 29an pandemiak agerian utzitako datuen zaintza eta horren aurrean, teknologia burujabetzak eginditzakeen ekarpenak gaiak hizpide hartu genituen eta gaiaren inguruan hainbat hizlari entzuteko aukera izan genuen.

Pandemia ardatz izan zen jardunaldiaren edukian eta baita jardunaldia egiteko formatuan ere. Hasieratik, jardunaldia uneko araudia jarraituz antolatu zen, edukiera 50 pertsonara murriztuz eta jardunaldian bertan segurtasun-neurri guztiak aurreikusiz. Baina, jardunaldia baino astebete lehenago, pandemiak eragindako uneko egoerarekin erantzukizunez jokatuz, jardunaldia streaming bidez egitea erabaki genuen.

Jardunaldia bere osotasunean eta kalitate onenarekin eskaintzeko helburuarekin, San Telmo museoaren azpiegitura mantentzea erabaki genuen eta publikoak hitzaldiak streaming bidez jarraitu zituen, EITBrekin dugun elkarlanari esker. Mila esker pantailaren beste aldean egon zaretenoi. Izan ere, zailtasunak zailtasun aurtengo jardunaldiak ere harrera bikaina izan du eta uste dugu hitzaldiei mamia ateratzea lortu dugula. Hemen goizak emandakoaren laburpena jaso dugu. Webgunean dituzue eguneko argazkiak eta bideoak.

 

Jardunaldia Eli Pombo Iametzako kudeatzailearen sarrerarekin hasi zen. “Digitalizatutako munduan datuak kontsumitzeaz gain, jaikitzen garen momentutik oheratzen garen arte eta lo gauden bitartean ere datuak sortzen gabiltza, modu kontzientean edo inkontzientean”  hausnarketa luzatu zuen Elik saioa irekitzeko.

“Pandemiak bultzatutako telelanak, bideo-deien bidezko familiarekin harremanek, ikasketa prozesu telematizatuek, besteak beste, gure eguneroko bizitza digitalizaziorantz bideratu dute eta horren ondorioz, pandemia garaian gutako bakoitzaren datu kontsumoa handitu da, baina baita datu sorkuntza ere, maila pertsonalean zein profesionalean”.

 

Gemma Galdonek, Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia Saileko ikertzailea eta Eticas Research & Consulting erakundeko zuzendariak, eman zuen lehenengo hitzaldia: ¿Hacia un Gran Hermano pandémico?

Pandemiaren argazki orokor bat egin zuen.

Pandemiari erantzuteko gauzatu ditugun jardueren batuketak distopia digital bat sortu duela esan zuen eta horrek “Anaia Handia trakets batera eraman gaitu”.

Egun batetik bestera estatu osoa eremu guztietan (hezkuntza, enpresa, administrazio publikoa...) digitalizatu dela baina kalitate gutxiko digitalizazioa izan dela azpimarratu zuen: “Azterketa sorpresa bat izan da sektore guztientzat eta azterketa suspenditu dugu, noski. Baina hori aspalditik esaten ari ginen: gaizki ari ginen digitalizatzen”.

Arazo sozialetan eta horien soluzioetan pentsatu gabe, adimen artifiziala eta teknologia berritzaileetan inbertitzen ari garela esan zuen Galdonek, arazo zehatzak konpontzen laguntzen ez diguten “zientzia fikziozko” proiektuetan, teknologia bitarteko baino helburu balitz bezala. Eta bitartean, gure datuak beste batzuek metatu, irakurri eta aztertu ditzaten uzten ari garela. Zertarako? Erosiko dugun hurrengo produktua aholkatu diezaguten? Aldiz, erkidego desberdinetako hildakoen datuak ezin partekatuta gabiltzala gogorarazi zuen, elkarrekin komunikatuko diren datu-baseak eraiki ezinik.

Ildo horretatik, azken 20 urteak Silicon Valley-ko ereduaren araberako teknologia liluragarriak eta kontsumora soilik bideratuak garatzen igaro ordez, datu base publiko eta teknologia aspergarriak garatzen pasa izan bagenitu, pandemiari osasun sistema elkar konektatu eta antolatuago baten bidez aurre egiteko moduan egongo ginatekeela baieztatu zuen Galdonek. Izan ere, batzuetan teknologia ez hain aurreratuak erabiltzea baliagarriago izan daiteke, auditagarriak, errespetuzkoak, gardenak eta arazo zehatzei konponbidea emateko diren teknologiak, hain zuzen ere. “Adibidez, Internet iristen ez zen Galiziako eskola batzuetan, konfinamendu garaian FM uhinen (80ko hamarkadako teknologia) bidez eman zituzten eskolak”. 

Era berean, Galdonek adimen artifizialari buruz hitz egiteko tartea hartu zuen: “Uste genuen teknologiak pandemiari aurre egiteko irtenbideak emango zizkigula. Horren adierazle, ‘adimen artifiziala’ kontzeptuaren bilaketa gehien aurtengo apirilean eta maiatzean eman izana. Baina adimen artifiziala ez da gizakiaren adimena bezalakoa, ez du pentsatzen, prozesatu egiten du”. Adimen artifizialak iraganeko datuak soilik ditu eta gertatu denaren arabera soilik jakin dezake gertatuko dena. Zentzu horretan Galdonek esan zuen, ez dugula ahaztu behar, datuak ditugunetik lehen aldia dela pandemia bat gertatu dela eta beraz makinek ez daukatela antzerako egoera baten aurretiazko daturik iragarpenak egiteko edo erabakiak hartzeko. Izan ere, adimen artifizialari erabakiak hartzen uzten diogu (nork daukan diru sarrera zehatz bat jasotzeko eskubidea, nork lehentasuna osasun sisteman…), baina gure bizitzaren gainean erabakiak har ditzaketen algoritmoek justizia sozialaren ikuspegitik zuzenak ez diren erabakiak har ditzakete.

Galdonek mezu baikor batekin amaitu nahi izan zuen bere hitzaldia: “Gizarte bezala teknologiaren arriskuak baloratzeko gai izan behar dugu. Baina oraindik denbora eta ikasteko aukera daukagu. Zer gertatu zaigun ikasi eta sortzen ari den Anai Handia horri aurre egin diezaiokegu”.

 

Data Justice Lab-eko Javier Sanchez-en txanda izan zen ondoren. Data Justice Lab-en teknologia, politikak eta esperientziak ikertzen dituzte komunitateari software jakin batek nola eragiten dion ikusteko. Gurean, Javierrek datuen justizia kontzeptuaren nondik norakoak azaldu zituen: “Datuen aktibismoa sortu da bigilantziaren kapitalismoaren testuinguruan. Zientzia sozialetan ikusten ari da despolitizazio handiaematen ari dela. Soluzio teknologiko bat egon daiteke, baina ez ditu arazo sozial sakonak konponduko”.

 

Atsedenaldia eta gero Marga Padillak heldu zion saioari berriro. Dabne kooperatibako kide den emakume hau software librearen aldeko ekintzailea da eta “internet egiten” lan egiten duela esatea gustatzen zaio. Definitu, defendatu eta eraiki izan ziren bere hitzaldiaren ardatzak.

"Pribatutasunerako eskubidea ez da gizarte bezala mobilizatzen gaituen zerbait” izan zen luzatutako lehenengo hausnarketa. Erronka ulertzen dugun arren, ezintasunean uzten gaitu. Erronka hain handia ikusten dugu, non norbanako bezala ezer gutxi egin dezakegula uste dugun. “Beharbada mobilizazio horren oinarrian gure kulturan existitzen den norbanakoen eskubideekiko dugun urruntasuna dago” azaldu zuen Margak “Gizarte bezala motibagarriagoa izango litzateke pribatutasuna modu kolektiboan ulertzea. Kontuan izan behar dugu datu pertsonalek beste pertsona askoren datuekin gurutzatzean hartzen dutela balioa. Gizarte bezala zaindu behar duguna ez da norberaren pribatutasuna, baizik eta justizia eta berdintasun soziala”. Ildo horretatik, behetik gorako egiturak proposatu zituen Margak. 

 

Hezkuntzaren arloan sakontzeko hiru hitzaldiekin itxi genuen jardunaldia. Bertan Argiako Mikel Garcia kazetariak, Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko Pedro Arreitunandiak eta Hezkuntzan Librezaleko Diana Francok parte hartu zuten.

Hiru hitzaldien ardatza teknologia multinazional handiak hezkuntzaren eremuan sartzearen arriskua izan zen. Batetik, enpresa pribatuen helburua ez da ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea, dirua egitea baizik. Bestetik, administrazioak bakarrik ez, ikastetxeek ere askotan alfonbra gorria jartzen diete multinazionalei baliabide faltagatik. Hainbat ikastetxetan ez dago teknologiaren arlo teknikoaz eta pedagogikoaz arduratzen den pertsonarik. Eta norbait dagoen kasuan, beronen borondate, jakintzaren eta kontzientziazioaren baitan geratzen dira erabakiak. Teknologiari buruz ari garenean sarritan ez dago irizpide kritikorik.

Horren aurrean egoera bakar baten deskribapena egin zuten hiru hizlariek: Multinazionalak dira ikasleei irakasten ari direnak, edo beste era batera esan, ikasleek multinazionalen bidez ikasten dute eta euren datuak konpainia handien eskuetan geratzen ari dira. Eta horrela, enpresa hauek beraien produktuentzako bezeroak sortzen ari dira, etorkizuneko kontsumitzaileak, alegia. Izan ere, gaur egun hodeia bezala ezagutzen duguna, eta gehienok erabiltzen duguna, mundu digitalean negozio eredu ezberdinak egitea sustatzen duten azpiegitura teknologikoen multzoa da.

Era berean, gizarte bezala egiten ari garen ibilbidea arriskutsua dela, baina egoera aldatzeko kontzientziazioa gero eta handiagoa dela azpimarratu zuten. Pedro Arreitunandiak azaldutakoaren arabera, hainbat ikastetxetan Moodle edo Jitsi bezalako plataforma libreak, adibidez, ezagutu dira pandemia garaian.

Baina bide luzea dago egiteko eta zentzu horretan hausnarketa sakon baten beharra azpimarratu zuten hizlariek: Zein digitalizazio prozesu nahi dugu hezkuntzan? Zein mundu ari gara sortzen gure haurrentzat?

 

Aurtengo egoerak baldintzatuta, izena eman zutenei eta euren helbidea helarazi digutenei jardunaldiaren materiala helaraziko diegu. Karpeta eta materialaz gain, jardunaldiaren ondorioekin prestatutako euskarria bidaliko diegu.

Aurtengo gaiari tiraka, 'Hodeia ez da existitzen' podcast kanala aurkeztu berri dugu eta bertan teknologia burujabetzaren inguruan arituko gara. Horretarako, Baleafunk.eus instantzia ireki dugu, sare federatuen eta libreen logikari jarraituz. 

Antolatzaileak

Ametzagaiña taldea iametza interaktiboa argia

Babesleak

Fomento San Sebastián Donostia Donostia Euskara Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia Laboral Kutxa

Laguntzaileak

Antza komunikazio grafikoa Azkue Fundazioa BDS Koop Beterri Buruntza BRTA Debagoieneko Mankomunitatea Debegesa EITB Elhuyar Elkar Esle Gaia Garapen Goieki Hekimen Indeusberri Spri Izarkom Langune Olatukoop Puntu Eus Telesforo Monzon Lab Udako Euskal Unibertsitatea San Telmo