Ponentzia: ¿Hacia un Gran Hermano pandémico?
Pandemiari erantzuteko gauzatu ditugun jardueren batuketak distopia digital bat sortu duela esan zuen eta horrek 'Anaia Handia' trakets batera eraman gaitu. Egun batetik bestera, estatu osoa eremu guztietan digitalizatu behar izan du baina kalitate gutxiko digitalizazioa izan da.
Arazo sozialetan eta horien soluzioetan pentsatu gabe, adimen artifiziala eta teknologia berritzaileetan inbertitzen ari gara, teknologia bitarteko baino helburu balitz bezala. Eta bitartean, gure datuak beste batzuek metatu, irakurri eta aztertu ditzaten uzten ari gara.
Ponentzia: Datos y justicia social
Zer da datuen justizia? Datuen aktibismoa sortu da bigilantziaren kapitalismoaren testuinguruan. Despolitizazio handia ematen ari da. Soluzio teknologiko bat egon daiteke, baina ez ditu arazo sozial sakonak konponduko.
Data Justice Lab-en teknologia, politikak eta esperientziak ikertzen ditugu komunitateari software jakin batek nola eragiten dion ikusteko.
Ponentzia: Definir, defender y construir soberanía de datos
Teknologia berrien erabilerak kezkatzen gaitu korporazio handiak hartzen ari diren datu ugariengatik. Pribatutasun digitalaren eskaria sortzen da, datuen gaineko kontrol gisa ulertuta, eta baita datuen burujabetzaren nozioa ere, pribatutasun hori babesteko gaitasun gisa. Baina pribatutasuna eta burujabetza kontzeptu baliagarriak eta ahalduntzaileak al dira herritarrentzat? Eta horrela izango baliz, nola gauzatuko genituzke?
Pribatutasunerako eskubidea ez da gizarte bezala mobilizatzen gaituen zerbait. Erronka ulertzen dugun arren, ezintasunean uzten gaitu. Erronka hain handia ikusten dugu, non norbanako bezala ezer gutxi egin dezakegula uzte dugun. Motibagarriagoa izango litzateke pribatutasun kolektiboaz hitz egitea. Zer da baina pribatutasun kolektiboa? Norbanakoen datuek beste pertsona askoren datuekin gurutzatzean hartzen dute balioa.
Ponentzia: Teknologia burujabetza hezkuntzan: Gaur egungo panorama, alternatibak eta aurrera begirako erronkak (mahai-ingurua)
Multinazional teknologikoak, bereziki Microsoft eta Google, bi zirrikitu nagusi ari dira erabiltzen gure ikastetxeetan barruraino sartzeko: batetik administrazioak uzten duen zirrikitua, eta bestetik ikastetxeek eurek baliabide faltagatik jartzen duten alfonbra gorria.
Multinazionalak diru asko inbertitzen ari dira hezkuntza zerbitzuak garatzen eta eskaintzen, izan ere, hezkuntza eremu erakargarria bihurtu da negozioa egiteko, eta gainera konkistatzen erraza da ateak zabalik dituztelako. Etorkizunera begira, arriskutsua da egiten ari garen bidea, enpresa pribatuen helburua ez delako ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea, dirua irabaztea baizik.
Ponentzia: Teknologia burujabetza hezkuntzan: Gaur egungo panorama, alternatibak eta aurrera begirako erronkak (mahai-ingurua)
Paulo Freire pedagogo brasildarraren hitzetan hezkuntzaren helburu nagusia gizakiaren gaitasunak eta potentzialak garatzea da, bizitzan izan behar duen rolaren kontzientzia izan dezan, eta behar izatekotan, bere ingurua zelan bihurtu jakin dezan. Horretarako beharrezkoa du kontzientzia kritikoa eta bizi dugun munduaren errealitatearen analisia egiteko gaitasuna izatea.
Bizi dugun gizarte eta hezkuntzaren digitalizazio prozesuak dominatzen dituztenek ordea, beste modu batean ikusten gaituzte: lehengai eta kontsumitzaile aldi berean datuen ekonomia sustatzen duten negozioetan.
Bizi duten errealitatean benetan eragiteko edota datuen ekonomia sustatzeko fikzio kapa ezberdinetan jarduteko hezitzen gabiltza pertsonak?
Ponentzia: Teknologia burujabetza hezkuntzan: Gaur egungo panorama, alternatibak eta aurrera begirako erronkak (mahai-ingurua)
Hogei urte daramagu Lanbide Heziketan software librea lantzen. Filosofia honetan sinestea ezinbestekoa da. Kontsumo talde batean egotearen antzekoa: porruek lurra eduki dezakete, eta neguan aza gehiegi egongo da, baina sustatu nahi dugun eredua da. Kontzientziazioa ezinbestekoa da. Hasieran zaila dela iruditu daiteke, baina epe luzera onurak handiak dira.
Barneratu behar da ikasleen eskubidea dela beraien pribatutasuna babestea eta zentzu horretan, badira tresnak Google eta Microsoft-etik kanpo.
Ponentzia: Aurkezpena: Datuak gara
Digitalizatutako munduan datuak kontsumitzeaz gain, jaikitzen garen momentutik oheratzen garen arte eta lo gauden bitartean ere datuak sortzen gabiltza, modu kontzientean edo inkontzientean.
Pandemiak bultzatutako telelanak, bideo-deien bidezko familiarekin harremanek, ikasketa prozesu telematizatuek, besteak beste, gure eguneroko bizitza digitalizaziorantz bideratu dute eta horren ondorioz, pandemia garaian gutako bakoitzaren datu kontsumoa handitu da, baina baita datu sorkuntza ere, maila pertsonalean zein profesionalean.
2021 URRIAK 28
9:00