Euskarabildua

2019. EDIZIOA

Burujabetza teknologikoa: Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da

Pasa den urriaren 24an burujabetza teknologikoaren gaia ardatz hartuta, hainbat hizlari entzuteko aukera izan genuen. Honako hau goizak emandakoaren laburpena da. Webgunean dituzue bai eguneko argazkiak eta baita bideoak ere. Aurten gainera, lehen aldiz Euskarabilduaren Peertube instantzia sortu dugu eta orain arteko bideo guztiak bertan zintzilikatu ditugu. Peertube Youtube-ren alternatiba libre eta federatu bat da, norberaren zerbitzarian instalatu daitekeena.

Saioa Eli Pombo Iametzako kudeatzailearen sarrerarekin hasi zen. Burujabetza teknologikoa auto-kudeatutako teknologia bezala definitu zuen eta zergatik den beharrezkoa aipatu zuen. Honako ondorio nagusian laburbildu zuen: 'Burujabetza teknologikoa behar dugu gure etorkizun teknologikoaren jabe izateko, geure erabakiak geuk hartzeko, erabiliko dugun teknologiak geure errealitatera egokitutako ezaugarriak izateko'. Besteak beste, hizkuntzaren ikuspegitik daukan garrantzia azpimarratu zuen. Euskarak eremu digitalean presentzia izateko eta euskarazko teknologiak izatea ahalbidetzeko burujabetza teknologikoa oso garrantzitsua da, bestela konpainia handiek gure hizkuntza politika teknologikoa ere baldintzatuko dute. Zentzu horretan Josu Waliñok sarean.eus-en idatzitako 'Euskarak enbaxadore digitala behar du' artikulutik hartutako adibideak aipatu zituen Eli Pombok:

 

  • Googlek mapetan agertzen ziren toponimoen hizkuntza politika aldatu zuen eta lehen euskaraz agertzen ziren hainbat toponimo erdaraz agertzen hasi ziren.
  • Tripadvisor-ek ez ditu euskarazko iruzkinak onartzen.
  • Twitterrek ez du ofizialki euskarazko publizitaterik onartzen (PuntuEus Fundazioak hitzarmen bat lortu bazuen ere).

Maitena Urretabizkaiak Skura Mobile-eko kideak TEKS sarea aurkeztu zuen. Ekimen honek erakunde desberdinak saretzea duela helburu adierazi zuen, besteak beste teknologia burujabetzan oinarrituz eta ekonomia sozial eraldatzailea, teknologia libreak eta elkarlana sustatuz. TEKS sarea 2019ko ekainean aurkeztu zen Errenterian, beraz, oraindik oso berria da eta egingo duen ibilbidea guztien artean egin nahi dute.

Alex Haché-ren txanda izan zen ondoren. Calafou-ko (Kataluinia) komunitateko kide den emakume honek ziberfeminista eta aktibista bezala definitzen du bere burua eta besteak beste, generoa eta teknologiaren arteko erlazioa aztertzen duen Donestech elkarteko sortzaileetako bat da. Burujabetza teknologikoari buruzko ikuspegi filosofiko eta politikoa eskaini zigun, teknologia ulertzeko beste modu bat plazaratuz. Hau da, negozioa helburu izan ordez, beharren arabera sortutako teknologia eraiki beharra aipatu zuen. Publikoaren arreta piztu zuten berak aipatutako kontzeptu askok, baina azpimarragarria iruditu zitzaigun elikadura burujabetzarekin egindako parekatze lana. 'Elikadura' hitza 'teknologia' hitzarekin ordezkatu zuen. Honako hau da jatorrizko definizioa (guk euskaratu egin dugu):

"Elikadura burujabetza herriek duten eskubidea da; elikagai osasungarriak eta kulturalki egokiak, eskuragarriak, era jasangarrian eta ekologikoan ekoiztuak jasotzeko duten eskubidea, baita euren elikadura eta produkzio sistema erabakitzeko eskubidea ere. Horrek elikagaiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituztenak elikadura sistemen eta politiken erdigunean jartzen dituzte, enpresa eta merkatuen eskakizunen gainetik. Etorkizuneko belaunaldiak eta euren interesak defendatzen ditu. Elikadura burujabetzak merkataritza gardena sustatzen du, herri guztientzat diru sarrera duinak eta kontsumitzaileek euren elikadura kontrolatzeko dituzten eskubideak bermatuz. Elikadura burujabetzak gizarte erlazio berriak dakartza, gizon eta emakumeen, herrien, arraza, gizarte klase edo belaunaldien arteko menpekotasun eta desberdintasunik gabea".

Alex Hachék egindako ariketaren arabera, 'elikadura' hitza 'teknologia' hitzarekin ordezkatuz gero, definizio berdinera iritsiko gara:

"Teknologia burujabetza herriek duten eskubidea da; teknologia osasungarriak eta kulturalki egokiak, eskuragarriak, era jasangarrian eta ekologikoan ekoiztuak jasotzeko duten eskubidea, baita euren teknologia eta produkzio sistema erabakitzeko eskubidea ere. Horrek teknologiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituztenak elikadura sistemen eta politiken erdigunean jartzen dituzte, enpresa eta merkatuen eskakizunen gainetik. Etorkizuneko belaunaldiak eta euren interesak defendatzen ditu. Teknologia burujabetzak merkataritza gardena sustatzen du, herri guztientzat diru sarrera duinak eta kontsumitzaileek euren teknologia kontrolatzeko dituzten eskubideak bermatuz. Teknologia burujabetzak gizarte erlazio berriak dakartza, gizon eta emakumeen, herrien, arraza, gizarte klase edo belaunaldien arteko menpekotasun eta desberdintasunik gabea".

Era berean oso interesgarria iruditu zaigu Alex Hachék helarazi zigun dokumentu bat guztiokin partekatzea. Margarita Padilla informatikariarekin batera egindakoa da eta IKTen erabileraren inguruko gomendioak biltzen ditu.

Atsedenaldiaren ondoren, Xabier Barandiaran EHUko irakaslearen txanda izan zen. Maritxu eta Bartoloren amodio istorioarekin entzuleak 'Maritxu nora zoaz?' kantuan jarriz hasi zuen hitzaldia. Metafora eta joko polita eginez, Barandiaranek Bartolo enpresa gizon ospetsua zela adierazi zuen eta Maritxu berriz, aske izan nahi duen emakumea; 'iturrira Bartolo' erantzuten dionean, kode informatikoa aipatzen du Maritxuk. Bartolok eta Maritxuk euren amodio istorioa gauzatzeko elkarrekin lan egitera behartuak daude. Iturrian jende asko dagoela adierazi zuen Barandiaranek, hau da, euren kodea publiko egiten duten garatzaile asko eta iturria librea izanik, bertatik, hau da, software asketik edan dezakegula guztiok. Iturrirako bidean gero eta jende gehiago behar dela esan zuen Barandiaranek, eskubideak galtzen ari baikara eta erraldoi teknologikoek estatuen lekua hartu nahi baitute, euren boterea gero eta gehiago handituz. Azkenik, Bartzelonako Udalean Decidim plataformaren sorkuntza prozesuan izandako esperientzia azaldu zuen. 400 orriko baldintza agiria idatzi behar izan zutela argitu zuen, bideratu nahi zuten prozesua ongi lotzeko eta software librearen alde egiten zuten enpresek eta garatzaileek lekua izan zezaten.

Argiako Xabier Letona eta Axier Lopez kazetariek CC lizentziei eta eduki libreei buruz hitz egin zuten, euren ibilbidea eta esperientzia kontatuz. Besteak beste, helburua euskal hedabideen komunitatea indartzea bada, lehiakortasuna gainditu beharra dagoela aipatu zuten, partekatzeak indartzen baikaitu eta horrek edukia pertsona gehiagorengana iristea ahalbidetzen baitu.

 

 

 

Frank Karlitschek Nextcloud plataformaren sortzailea ere hizlarien artean izan zen, bideokonferentzia bidez. Beste hizlariek bezala, berak ere aipatu zuen datuak direla petrolio berria eta industria eta ekonomia askoren oinarria. Gaur egun ia datu edo informazio guztia Silicon Valley eta Seattle-en kontzentratua dagoela esan zuen eta beraz, beharrezkoa dela desentralizazioa. Hori lortzeko helburuarekin sortu zen Nextcloud, norberak kudeatutako plataforma bat, kode irekikoa eta bitartekaririk gabea.

Jardunaldien amaieran aukera desberdinei buruzko informazioa eman nahi izan genuen. Hau da, burujabetza teknologikoaren bidean zer ekimen, proiektu edo esperientzia daude gure inguruan?

Hala, gure lankide eta Librezaleko kide den Asier Iturraldek teknologia eta softwarea neutralak ez direla azaldu ondoren bestelako sare sozialen eredu bat posible zela erakutsi zigun. Deszentralizatutako eta federatutako sare sozialen fedibertsoko hainbat proiektu aipatu zituen: Mastodon, Pixelfed, Peertube... eta Euskal Fedibertsoaren historiaren eta gaur egungo garapenaren berri ere eman zigun.

Pasaiako Udaleko Rafael Puy informatikariak eurek udalean software librera egindako migrazio prozesua nolakoa izan zen azaldu zuen. Software libreak askatasuna eta malgutasuna ematen digula esan zuen, baina era berean ikasketa prozesua beharrezkoa dela. Hala ere, Pasaiako Udalean eurek uste baino askoz hobeto joan dela prozesua adierazi zuen eta udaleko langileak nahiko erraz ohitu direla aldaketara baieztatu zuen.

Azkenik, Alex Gabilondok eta Sonia Ortiz de Arrik, Irungo eta Donostiako Berritzeguneetako kideek hurrenez-hurren, gaur egun hezkuntzan azpiegitura teknologiko aldetik zein den egoera deskribatu eta tresna libreak erabili beharraren garrantzia azpimarratu zuten. Zorionez, Microsoft eta Google-en alternatiba bezala ikasgeletan erabiltzeko software libreko 24 tresna badaudela erakutsi zuten eta egoera aldatzeko borondatea behar dela azpimarratu zuten.

Honako hauek dira hizlariek euskarri digitalean helarazi dizkiguten aurkezpenak eta Euskarabilduaren webgunean zintzilikatuak ditugunak:

 

 

Antolatzaileak

Ametzagaiña taldea iametza interaktiboa argia

Babesleak

Fomento San Sebastián Donostia Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia Laboral Kutxa

Laguntzaileak

Antza komunikazio grafikoa Beterri Buruntza Debagoieneko Mankomunitatea EITB Elhuyar Elkar Esle Gaia Hekimen Kristau Eskola Langune Mondragon Unibertsitatea Oarsoaldea Puntu Eus TEKs Udako Euskal Unibertsitatea San Telmo